Berrikuntza teknologikoak

Pakistanek debekatu egin du TikTok erabiltzea

Pakistango gobernuaren arabera, TikToken argitaratzen den edukia “moralgabea eta eztabaidagarria” da; hortaz, aplikazio hori erabiltzea debekatu du. Hala, Indiaren bide bera hartu du Pakistanek; Indiak, hain zuzen, behin betiko debekatu du TikTok Txinako beste 58 aplikaziorekin batera.

 Asiako herrialdeetan zabaltzeko ahalegina egiten ari da TikTok, baina oztopo ugari aurkitu ditu bidean; esaterako, iragan urrian ere Pakistango gobernuak TikTok itxi zuen, sare sozialean argitaratzen den eduki “lotsagabeari” buruzko kexa ugari jaso zituelako. Orduan, sare soziala zerbitzuz kanpo egon zen 15 bat egunez, eta, gero, berriro izan zen martxan.

Hala ere, oraingoan, behin betiko itxiko omen dute TikTok. Pakistango biztanleriaren gehiengoa musulmana da eta gobernua kontserbadorea da. Txinaren aliatua izan arren, sare sozialean agertzen den edukia Pakistanek ez du begi onez ikusten; izan ere, azaroan, lege bat onartu zuen, eta, haren bidez, agintariek aukera dute sare sozialetako edozein eduki zentsuratzeko, bere interesen aurkakoa izanez gero.

Legearen arabera, gizarte-sareen konpainiak behartuta daude gobernuak zehazten duen edukia ezabatzera, batez ere “Pakistanen osotasuna, segurtasuna eta defentsa” mehatxatzen badu. Gobernuaren aginduak betetzen ez dituztenek hiru milioi dolar baino gehiagoko isunak ordaindu beharko dituzte… edo zerbitzua itxi beharko dute.

Pakistango gobernuarekiko eta Buruzagi Handiarekiko isekak etengabeak dira TikToken. Ezezaguna da TikTokek gobernuaren zentsura-eskaerak aintzat hartu dituen, baina sarea blokeatu egin dute, nahiz eta, gaur egun, TikTok Pakistanen gehien erabiltzen den hirugarren aplikazio soziala izan, WhatsApp eta Facebooken atzetik. Iaz 18 milioi aldiz baino gehiagotan jaitsi zen aplikazioa Pakistanen (Asiako herrialde horretan 200 milioi pertsona bizi dira).

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu