ERREPORTAJEAK

Naroa Hernández Izaga

Osasun Publikoa Aurrera plataformako kidea

Hainbat apunte osasun sistema publikoaren inguruan

2022-06-26

Bi urte bete ditu dagoeneko gure bizitzak hankaz gora jarri zituen pandemiak. Ordutik hona, orain arte izandako zerbitzuen arretaren kalitatea ezbaian jarri da, osasuna eta osasun sistemak duen garrantziaz ohartu gara. Era berean, gobernuek eskubide indibidual zein kolektiboen gain duten boterea zalantzan jarri da: zertan oinarritzen diren erabakiak hartzerako momentuan, ikerketa edota komite zientifikoei jartzen dieten arreta, osasuna eta ekonomia balantza berdinean jartzearen sentsazioa…


Argazkia. FOKU

 

Zer da osasuna?

Hau izan zen 1948. urtean Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) osasunaz egindako definizioa: ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabatekoa da osasuna, eta ez bakarrik gaixotasun eza. Osasuna eguneroko bizitzarako baliabidea da, eta ez bizitzako helburua. 1986. urtean, Genevan egindako bilkuran, Osasunaren Promoziorako Ottawako eskutitza idatzi zen eta manifestuan zehaztu zen osasuna bizitzaren oinarrizko eskubidea izanda, hau bermatu ahal izateko, hainbat aurrebaldintza daudela: errekurtso ekonomiko egokiak, elikadura baldintzak, etxebizitza, bakea, ekosistema egonkorra baita errekurtsoen erabilera jasangarria ere, adibidez. Beraz, osasunaren ikuspegi integralagoa biltzen zuen. Beranduago, Yakartako Hitzarmenean, 1997an,  hainbat gako eman ziren jendarte osasuntsu bat bermatze aldera; jendartearen parte hartzea, pertsonen zentralitatea erabakiak hartzerako orduan, osasunaren inguruko formakuntza eta heziketa eta informazioaren eskuragarritasunean jarri zuten fokua.

Euskal Herrian, osasunaren narriatzea ez da etorri pandemiaren ondorioz bakarrik. Aldez aurretik eta denbora luzez hartzen joan diren erabaki politikoak merkatuari eta kapitalari bideratuak joan dira. Hor dago gaurko osasun sistemaren pobretzearen arrazoia. 1986. urtean Espainian Osasun Lege Orokorra onartu zenean (honen barruan sartzen dira EAE eta Nafarroa, Ipar Euskal Herria, Pirinio Atlantikoen Departamentuaren barruan Frantziako legediaren menpe dago), Osasun Sistema Publiko ezberdinetako erabiltzaileak zerbitzu pribatuetara bideratzea baimendu zen, Kontzertu Ekonomiko eta Hitzarmen ezberdinen bitartez. 1991. urtean, Abril izeneko txostenean(Espainiar Estatuan argitaratua) zerbitzuen azpikontratazioa, koordainketa eta osasun zerbitzuen hornidura eta finantzaketaren arteko banaketa proposatu zen. Protesta sozial handiak egon baziren ere, 15/97 legearekin proposatutako aldaketa horiek onartu ziren; gestio mota ezberdinei eman zieten sarbidea, zentro publikoak enpresa pribatuen bitartez kudeatzea, esaterako. Pandemiak eragin duena, hortaz, urte luzez Osasun Sistema Publikoak zeraman joera larriagotzea baino ez da izan. 

 

Osakidetzako langileria

Pandemia garaiak osasun profesionalen larrialdi egoeraren tamaina erakutsi digu. Gaixotzeak, estres eta antsietate bajak ugari izan dira eta euren postuak ordezkaru ezinda ibili dira. Lan karga amaitezinak eta antolakuntza faltak, Lehen Mailako Arretako kolapsoak eta ZIU zein larrialdietan baliabide faltak, eskainitako zainketen kalitatea asko okerragotu dute. Azken urte luzeetako joera baten azken etapa baino ez da. Izan ere, osasunarekin loturiko hainbat esparrutako pribatizazioa azken urte hauetan egon den joera izan da. Garbitzaileen, mantentze lanetako teknikarien eta zerbitzuen pribatizazioa epe laburreko aurrezki ekonomikoaren logikan hartutako erabakiak dira. Baina horrek guztiak langile horien lan baldintzen okerragotzea, zerbitzu edo langileen arteko komunikazio zailtasunak handitzea, langileen arteko konpetentziak areagotzea eta abar ekarri du, azken buruan osasun arretaren kalitatearen gutxituz. Adibide gisa, Ingalaterran egindako ikerketa batean, garbiketa zerbitzuen pribatizazioarekin batera infekzioen barreiatzearen hazkundea egon zela frogatu zuten ikerlariek, SARM infekzioaren (ospitale barruko infekzio mota bat, gaixoen osasun egoera okerragotzea eragiten duena) intzidentziak gora egin zuelarik (2). Horretaz gain, behin-behinekotasuna (leku batetik mugitzearekin batera, jakintza falta eta zainketen kalitatearen galera dator zuzenean), lan kargen desoreka edota enplegu finkoaren galera azken urte hauetako joeren begi bistako ondorioak izan dira. 

Bestalde, profesionalen eskasia eta burujabetza falta nabaria da (MIR eta EIRerako formazio plazak Madrilen erabakitzen dira adibidez). Langile kopuru eskasiak zerbitzu on eta eraginkorra ematea eragozten du. Gainera, langileen artean osasun arretan ondorio zuzena eragiten duten desorekak gertatzen dira, ez baitago herritar kopurua eta langile kopuruaren artean egon beharreko proportzioa ezartzen duen araurik. Hori gutxi balitz, lanpostu finkoak gero eta gutxiago dira, eta datozen 10 urteetan erretiroa hartuko duten langileak erdia baino gehiago dira. Horren aurrean ez da estrategiarik garatu.

 

«1991. urtean, Abril izeneko txostenean (Espainiar Estatuan argitaratua) zerbitzuen azpikontratazioa, koordainketa eta osasun zerbitzuen hornidura eta finantzaketaren arteko banaketa proposatu zen»

 

Azken urtean egon diren mobilizazioen artean egin den aldarrietako bat, 24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitzea izan da, tasa %8ra jaitsi arte, plantillen kontsolidazioa eskatuz. Arrisku psikosozialak ebaluatzea da eskaeren artean dagoen puntu garrantzitsu bat, baita neurri zuzentzaileak aplikatzea ere, lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan arreta berezia jarriz. Pandemia dela eta, kontratuen prekarizazioa ere justifikatu dute: errefortzu kontratu mordoa egin dira. Zer den hori? Edozertarako balio duten kontratuak: edozein zerbitzutara mugitu ahal izateko, OSI baten barruan, eraikin batetik bestera mugitzea ahalbidetzen duena, iraupen laburrekoak direnak, beharren arabera luzatzen joango direnak… Zein da ondorioa? Estres maila handiak dituzten profesionalak, ilusioa galduta eta frustrazio sentsazioa dutenak… zertan eragiten du horrek denak? Jendarteari eskaintzen diogun osasun arretaren kalitatean.

 

Argazkia. FOKU

 

Lehen mailako arreta eta zerbitzuen eskuragarritasunaren murrizketa

Osasun Publikoaren gastu ekonomikoen erradiografia egiten badugu, eta iturri ezberdinetako datuak alderatzen baditugu, ehunekorik handiena ospitaleko asistentziak darama. Egun ezberdinetako estantziak, interbentzioak, medikazioak, protesiek eta antzekoak dira gastuen %60a. Ostean, farmaziak %14,5 inguru eta Lehen Mailako Arretak %14,3. 

Zer esan nahi dute datu hauek? Sendatzeak eramaten duela gastuen ehunekorik handiena. Alegia, prebentzioa beharrean, partxe txikien estrategia. Izan ere, gaixotzen den pertsona orok behar dituen zainketa guztiak kontsumitzeko eskubidea du. Kontua da, hauetako kasu asko interbentzio egoki batekin ekidin, atzeratu edo arindu zitezkeela. Prebentzioak eta promozioak aldaketa sakona eskatzen dute ordea, hala nola, luzera begirako irtenbideak, osasuna jendartearentzako zerbitzuetan landuz: eskoletan, lantokietan, komunitatean. Lehen mailako arretak, ordea, dekadentzia betean segitzen du azken urteetan: EAGn itxiera, ordezkapenik ez egitea, agendak ixtea opor garaietan…

Komunitatea unitate sozial bat bezala antzematen den pertsonen talde antolatua da. Osatzen duten norbanakoek ezaugarri, interes, helburu edo funtzio antzekoren batean parte hartzen dute. Eremu geografiko batean kokatzen da eta inguru horretan euren artean elkar eragiten dute. Beraz, Lehen Mailako Arretako langileen lan eremua da komunitatea eta horien lana da komunitate horren inguruan ezagutza handia izatea, euren interes eta ezinegonak identifikatuz eta hauei arreta eskainiz. Pandemia garaian oso argi ikusi zen komunitate bat antolatu eta elkar laguntzeko gai dela. Baina zaintza kolektiboa erdigunean jartzeko, giza baliabide gehiago, diru inbertsio gehiago, herri programa gehiago eta horien arteko lotura behar dira: buru osasuna, zerbitzu sozialak, elikadura zein bizi estilo osasungarriak bultzatzeko dinamikak, norbanakoak bere osasunaren kontrol gehiago izatea, osasun ahalduntzea… 

 

«Zaintza kolektiboa erdigunean jartzeko, giza baliabide gehiago, diru inbertsio gehiago, herri programa gehiago eta horien arteko lotura behar dira»

 

Aurreko puntuarekin oso lotua dagoen gaia da hurrengoa. Gasteiztarra naizenez, hurbiletik bizitzea tokatu zait bai EAG baten itxiera, baita oraintsu gertatu den Santiagoko Ospitaleko Larrialdien itxiera ere. “Eremuan bizi den biztanleri kopuruarentzat nahikoa da urgentzietako zerbitzu batekin”, “EAGa ixteak ez du esan nahi plantilla edo zerbitzuak gutxitu direla”, “Gasteiztarron beharretara egokitzen ditugu asistentzia esparruak”… bezalako titularrak irakurri, entzun edo ikusi ditugu maiz azken boladan.

Domino fitxak bezala, murrizketa batek eragin zuzena du ondorengo asistentzia mailan, eta beste horrek hurrengoan… Lehen Mailako Arretan giza baliabide zein material nahikoa egongo balira eta erizain edota medikuarekin egoteko astebete edo gehiago itxaron beharko ez balitz, EAGtara edota Larrialdietara doazen kasuen ehunekoa gutxituko litzateke (gernu infekzioak, gastroenteritisak, haginetako mina, gaitz muskuloeskeletiko batzuk...) Aldiz, momentuan arreta jaso ezinak, erabiltzaileek bestelako zerbitzuetara jotzea dakar. 

 

Pribatizazioa

1978an Espainiako Konstituzioa onartu zenean osasun asistentziaren kudeaketa eta hornidura autonomien esku geratu zen. 1983 urtean sortu zen Osakidetzako Euskal Osasun Zerbitzua, horren baitan Diputazioen esku zeuden hainbat zerbitzu zein zerbitzu pribatu batzuk integratuz. 1986ko Osasun Lege Orokorrarekin Osasun Sistema Nazionala (Espainiakoaz ari gara) sortu zen eta Osakidetza bere barnean sartu zen. Gerorako utzi zituzten hainbat kolektibori osasun asistentzia ematen zieten Gizarte Segurantzako Sisteman ekite berezia zuten erregimen (MUFACE, MUJEGU, IFSAS…). 2011ra arte hainbat izan ziren sortu ziren legeak, Espainiako Osasun Sistema Nazionalak ematen zuen osasun asistentzia zergen bidez finantzatua eta unibertsala izateko. 

Osasun sistemaren izaera publikoa eta unibertsala kolokan jarria izan da askotan. 90eko hamarkadan politika neoliberalen ondarea nabaria izan zen Osasun Sistema ezberdinetan. Osakidetzaren kasuan, Osasuna Zainduz Planak ezarri zuen konpetentzia, finantzaketa eta hornidura sistemak banatzearen ideia.  Espainiako krisi ekonomikoaren testuinguruan 16/2012 dekretua onartu ostean, Espainiako Osasun Sistema Nazionalak, Espainiar nortasuna ez zuten eta 18 urte baino gehiago zituzten pertsonei osasun asistentzia eskubidea mugatu zien (salbuespenak kenduta). Estatu independentea ez garenez, Osakidetzan ere neurriak hartu ziren, hauek bestelako esparru batzuetakoekin konparatuz txikiagoak izan baziren ere (2). 

 

«16/2012 dekretua onartu ostean, Espainiako Osasun Sistema Nazionalak, Espainiar nortasuna ez zuten eta 18 urte baino gehiago zituzten pertsonei osasun asistentzia eskubidea mugatu zien»

 

Zerbitzu baten pribatizazioaz hitz egiten dugunean, sektore publikoaren gaitasun edo konpetentzia baten transferentzia osoa edo partziala sektore pribatuari emateaz ari gara. Gaur egun, sektore pribatura transferitzeko arrisku gehien duten esparruen artean, formakuntza, ikerketa, planifikazioa, osasun finantzaketa eta aseguruak eta zerbitzuen hornidura daude. Zer ondorio ekar dezake pribatizazioak osasun asistentzian? Lehenik eta behin, eskuragarritasuna gutxitu egiten du, hainbat kolektibo osasun asistentzia gabe utziz. Horrek osasunean ere maila sozial ezberdinetako kolektiboen arteko arrakala dakar. Are gehiago, gaixotasuna pairatzen duen pertsona pobrezia egoeran geratzea ekar lezake. Hainbat ikerketen arabera, osasun sistema pribatuak garrantzia gehiago duen herrialdeetan jendartearen osasun adierazleak baxuagoak dira, bizi itxaropena txikiagoa da eta osasunean arrakala handiagoa da.

Osasun sistema pribatuen presentzia areagotzeak, osasuna merkatuaren legean oinarritzea dakar eta oro har, horien helburua etekin ekonomikoa da.

 

Buru osasuna

Buru osasunak ere protagonismoa hartu du azken bi urte hauetan; Argia aldizkariak publikatutako artikulu batean aipatzen den bezala, antsietatea, depresioa, loaren eta elikaduraren nahasmena, segurtasun eza, estresa, tristura, ezintasuna, kontzentrazioa galtzea, beldurra, neke emozionala, larritasun eta akidura sentsazioa, autoestimu baxua, suminkortasuna eta umore-aldaketa bortitzak izan dira gazteen artean identifikatutako sintoma nabarienak. OMEk neke pandemikoaz hitz egin du berriki; estres postraumatikoaren itxura hartu du kezka horrek (14). OMEren datuen arabera lau pertsonatik batek nahasmendu psikologikoren bat garatzen du bizitzan zehar. Eta 2030 urterako buru osasuneko arazoak munduan ezgaitasunezko lehen arrazoi bihurtuko direla aurreikusi du, pandemiak izan duen inpaktua gehituz.

Frogatuta dago buruko osasun arazoengatik egindako kontsulta gehienak medikuntza orokorrean eginak direla eta aldiz, zuzenean psikologiako edo psikiatriako zerbitzuetara jotzen dutenen ehunekoa askoz txikiagoa dela. Lehen Mailako Arretako profesionalak dira gaitz guztientzako lehen iragazkia eta garrantzitsua da horiek diagnostiko egokia egitea. Testuan zehar aipatutako murrizketek gaizki diagnostikatzeko edo azpidiagnostikatzeko arriskua areagotzen dute. Datu horiek eskua artean izanda, interbentzio baten beharra ezinbestekoa dela ikusi da.

 

«OMEk 2030 urterako buru osasuneko arazoak munduan ezgaitasunezko lehen arrazoi bihurtuko direla aurreikusi du»

 

Zahartzea eta espazio soziosanitarioak

Eustatek emandako datuen arabera, EAEn bizi diren biztanleen %22,5ak 65 urte baino gehiago ditu, %57,5 dira emakumeak. Bakarrik bizi diren herritarren %43a 65 urtetik gorakoa da eta horien lautik hiru emakumeak dira. Bizi itxaropena 86,6 urtekoa da emakumezkoentzat eta 80,8 urtekoa gizonezkoentzat. Aktibo mantentzeko muga kronikoa 75 urtetan kokatzen da emakumeen %35,8 arentzat eta %26,1ean gizonezkoen kasuan. 2019 urtean, pandemia aurretik, EAEko ospitaleek 247.502 ospitalizazio erregistratu zituzten; hauen erdia 65 urtetik gorakoenak izan ziren. 

Azken 25 urteak kontuan hartzen baditugu, zaharren egoitzak hirukoiztu egin dira EAEn; 158 izatetik 448 izatera pasa dira. Horietatik titulazio publikoa dutenak 158 dira eta pribatuak 290. Eguneko zentroei dagokionez, 1994an 354 zentro zeuden eta 25 urte beranduago, 514 zentro izatera pasa dira. 2019an 20.949 erresidentzia plaza zeuden, horietatik 7487 publikoak eta 13.462 aldiz, pribatuak. Erresidentzia asko kontzertatuak dira, hau da, bere gestorea pribatua da baina plazak Diputazioaren bitartez tramitatzen dira. Hala, diru laguntza publikoak jasotzeko aukera dute erresidentzia horiek. Pribatuetan erabiltzaile bakoitzak bataz beste 1500 euro ordaindu behar  izaten du gutxi gora behera hilero.

Pandemia garaian erresidentzien gaia pil-pilean egon da, oso zaurgarriak diren espazioak direla ikusi baita eta hainbat puntu mahai gainean jarri direlako. COVID19aren ondorioz emandako heriotzen %40-50a zahar egoitzetan eman direla irakurri eta entzun ahal izan dugu albisteetan (heriotza hauen barruan hainbat faktore kontuan hartu behar diren arren, zifrak beldurgarriak dira). Bizitza kolektiboa egiten den tokiak izatean, eta sarri bertan bizi diren pertsona kopurua oso altua denez, birusaren hedapenean intzidentzia altua izan duten espazioak bihurtu dira. Espazioen hedadura eta profesional ratioak gai honen beste determinanteetako batzuk izan dira. 

 

«Erresidentzia asko kontzertatuak dira, hau da, bere gestorea pribatua da baina plazak Diputazioaren bitartez tramitatzen dira»

 

Egoitzetako langileen protesta ugari egon da pandemia garaiko kudeaketa ez ezik, hainbat irregulartasun salatuz. Adibidez, erresidentzia askotan ez zeudela egunero irteerak edota bisita ordutegi askok ez zutela bateragarri egiten lana eta familia kontziliazioa; informazio falta handia zegoela bai egoitzaren egoeraren zein erabiltzaileen osasun egoeraren inguruan; zentro askotan ez zirela ekintzak egiten bertako erabiltzaileekin; hauen zainketaz arduratzen diren erizain laguntzaile askok bere gain hartu behar zituztela bestelako lanak erabiltzaileen zainketatik denbora kenduz; langileen egonkortasun faltak profesional aldaketa asko egotea dakar, horrek erabiltzaileen zainketen jarraikortasunean eragiten duelarik… Horrek denak zuzenean adinduen osasunean larriki eragiten du, batez ere, egoera fisiko zein kognitiboaren narriaduran; bakardadeak, kontaktu galerak eta estimuluen gabeziak egoera emozionalean eragiten dituen ondorioak ahaztu gabe.

Zahartzea bizi-ibilbidearen prozesu bat da. Neurri handi batean gizarteak zahartzeko duen moduak determinatzen du ibilbide hori. Zientzian froga ugari daude bizitzeko moduak, osasunaren gizarte-determinatzaileek zein determinatzaile psikologikoek, informazioa eskuratzeko aukerek eta beste hainbat faktorek zahartzean duten eraginari buruz; faktore horiek neurri handi batean baldintzatzen dute pertsonek zahartzaroan izango duten bizitza-kalitatea eta autonomia mantentzeko gaitasuna. 

 

«Jendarte talde hau “gainkarga” bat bezala hartu beharrean, baloratu, indartu eta merezi duten aitorpena bermatzen duten politika ezberdinak formulatu daitezke»

 

Europako egoeraren inguruan egindako lan batean aipatzen den moduan, garai hauetako erronketako bat adinekoak diren pertsonen energia eta esperientzia baliatzea da. Horretarako osasuntsu eta aktibo mantendu behar dira, garapenean ekarpena egiteko eta bizi diren komunitateen ongizatean parte hartuz. Hainbat ikerketek ziurtatzen dute hori dela hirugarren adineko pertsonen nahia. Promozioan oinarritutako hainbat proiektuk ziurtatzen dute adinduek osasun onura positiboak eskuratzeaz gain, gizartean ere onurak eragiten dituela denbora luzeagoz bizitza estilo osasuntsuak mantentzen dituztenean (8). 

Jendarte talde hau “gainkarga” bat bezala hartu beharrean, baloratu, indartu eta merezi duten aitorpena bermatzen duten politika ezberdinak formulatu daitezke, izan dezaketen rol soziala eta ekonomiko formala zein informala sustatuz. Prest al daude arduradunak osasun politikak norantza horretan eramateko? Gaur egungo azterketa eginda, horretara heltzeko distantzia handia dela esatera ausartuko naiz, partxe txikiak jartzen jarraitzen baitute gehienetan. 

 

Argazkia. FOKU

 

Biharko Euskal Herria

Biharko Euskal Herria eraikitzeko osasuna ezinbestean landu behar den gaia da. Ipar Euskal Herriak, Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak osatzen duten eremu geografikoan, osasun zein ongizate sozialerako oso eredu ezberdinak ditugu, kontzepzio politiko ezberdinekin eta konpetentzia maila ezberdinekin. Euskal Herri osoan beharrak eta arriskuak antzekoak diren arren, emandako erantzuna oso ezberdina da administrazio eremu bakoitzean. EAEko eta Nafarroako Osasun Sistemak Espainiar Estatuaren menpe daude eta Ipar Euskal Herriko Osasun Sistema, Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren baitan dago, hau, Frantziar Estatuaren menpe. Madrilen hartutako erabakiek Hego Euskal Herrian nola eragiten duten ikusi dugu. Beraz, atera daitekeen lehenengo ondorioa Osasun Sistema Publiko propio baten beharra da, erabakiak Euskal Herrian, euskal herritarrentzat hartzen dituena. Hartarako bidea luzea den arren, gaur bertan has gaitezke horretan lanean. Bihar independentzia lortuko bagenu, prest eduki beharko genituzke Euskal Herriko Osasun Sistema Publikoa martxan jartzeko beharrezkoak diren erramintak, programak, infraestrukturak etab. Eta nola hasi lantzen? Hasteko ezinbestekoa da euskal herritar orok gure herrian dugun egoeraren berri izatea. Horretarako, gaur egun ditugun osasun errealitate ezberdinak bateratzen dituzten lanak sortzen hasi behar gara, gure buruko eskemetan Euskal Herri osoko osasun mapa barneratze aldera.

Bakoitzaren ahulgune zein indarguneak ezagutu eta hasieran teorikoa litzatekeen zerbitzu komunak multzokatzeaz gain, ostean, praktikara eramaterakoan, baliatu daitezkeen infraestrukturak, baliabideak, jarduteko moduak erabili eta behar diren aldaketak gauzatu beharko lirateke. 

Bestetik, gaur egun urrun gaude euskararen normalizaziotik eta osasunaren arloan, berebiziko garrantzia du horrek. Zerbitzu publiko batzuk erdaraz jasotzera ohitu dira herritarrak eta beste zenbaitetan euskara erabiltzeagatik albo ondorioak pairatzeak, herritarrak etsipenera eta bigarren mailako herritar sentitzera eramaten ditu. Eta ez hori bakarrik; herritarrak bere hizkuntzan ezin komunikatzeak diagnostiko okerrak egiteko edo azpi diagnostikatzeko arriskua ekar dezake. Horretaz gain, osasunarekin lotutako ikasketek ez dute bermatzen gure hizkuntzan trebatu ahal izatea, horrek gerora eskaini daitezkeen zerbitzuen kalitatean eragin zuzena duelarik.

 

«Osasun Sistema Publiko propio baten beharra da, erabakiak Euskal Herrian, euskal herritarrentzat hartzen dituena»

 

Komunitatea subjektu politikotzat hartu beharra dago, komunitatea bera baita bere berezitasun guztiekin, edozein zailtasun egoerari aurre egiteko baliabide nagusia. Eredu komunitarioan sakontzeak gizartearekin, komunitateko kideekin, hirugarren sektore sozialeko erakundeekin, gizarte mugimenduekin, auzo mugimenduekin eta abarrekin batera lan egiteko ahalegina egitea dakar, herritarrek ongizate kolektiboarekiko, eskubideen sustapenarekiko, salaketarekiko eta azken batean, gizarte eraldaketarekiko duten konpromiso aktiboa bultzatzen dutelako. 

Arazo sozialak egiturazkoak eta sistemikoak direla kontuan hartu beharra dago, jakinez horiek eraldatzeko gakoa ez dela indibiduala, kolektiboa baizik.  Hori horrela izanik, Udal eremua eta Lehen Mailako Arreta esku hartze eta lan komunitarioko praktikak garatzeko hurbilen dagoen espazio erreferentzialak izan daitezke. Herritarrengandik hurbilen dauden erakunde eta egiturak direnez, behatoki pribilegiatua dira herritarrekin batera ikertzeko eta lan egiteko, kontraboterea gauzatzeko eta sozialki eta politikoki eragiteko. Tokiko eremua funtsezkoa da klase politikoa eta herritarrak elkartzeko eta testuinguru ezin hobea herritarren ongizatean eragin zuzena duten gizarte politikak garatzeko. 

 

«Komunitatea subjektu politikotzat hartu beharra dago, komunitatea bera baita bere berezitasun guztiekin, edozein zailtasun egoerari aurre egiteko baliabide nagusia»

 

Pandemia garaian auzoetako elkartasuna, artikulazioa, autoantolaketa eta autogestioa azaleratu dira. Sare gisa funtzionatu dute komunitateek zein gizarte ehunek, eta zaurgarritasun egoeren aurrean erantzukizunez jardun dute, gizarte ekintzaren funtsezko eragile bihurtuz. COVID19ak eragindako testuinguruak, hain zuzen ere, planteamendu komunitarioa posible dela erakutsi du eta horren alde egiteko aukera eskaini du.

Azken paragrafoetan aipatutakoa kontutan hartzen badugu, uste dut gure herriak kulturan errotua duen herrigintza eta auzolana goraipatu daitezkeela, Euskal Herri independente baten bidean, Osasun Sistema Publiko propio bat eraikitze aldera, bidearen zati bat egina baitugu horrekin. Ez dugu itxaron behar independentzia eskuratzera, bitartean, auzoka, herrika, taldeka… lanean jarri behar dugu, nahi dugun eredurako hazia jarriz. Premiazkoena, txalupan parte hartzen dugun guztiok norantza berdinean arraun egitea da.

 

Bibliografia

Martín, U., Bacigalupe, A. Morteruel, M. Rodriguez, E. Font, R. Gonzalez E. Gonzalez-Rabago, Y. Mosquera I. Amenazas al derecho a la salud en Euskadi. Desigualdades sociales en salud y procesos de privatización en el sistema sanitario. EAE: Medicus Mundi; 2016.

Osasungintza Hego Euskal Herrian. Eraldaketa baten beharra. Bilbo: Ipar-Hegoa fundazioa; 2021.

Iturralde M. Poder Saludable [Internet]. 2016; Eskuragarri: https://www.naiz.eus/es/iritzia/articulos/poder-saludable

Pandemiak etendako gaztaroa. [Internet]. 2021;. Eskuragarri: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2729/pandemiak-etendako-gaztaroa

Markez I. Situación de la atención a la Salud Mental. Bilbao: Manu Robles- Aranguiz Institutua; 2009.

Eustat [Internet]. Euskal Autonomía Erdikegoa. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia; 2021. [ 2022ko apirilaren 26an aipatua]. Eskuragarri: https://www.eustat.eus/elementos/ele0019000/panorama-estadistico-de-las-personas-mayores-2021-pdf-34-mb/inf0019081_c.pdf